XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zeren, zein turistari bururatzen zaio Ulster-eko edo Euskal Herri-ko lurralde konfliktiboak bisitatzea, terrorismoak defendatzen omen dituen baina errealitatean hondatzen dituen lurralde gupidagarri horiek?.

Donard kapitainak kalera begiratzen zuen leihotik, kale bakarti eta isilera, gogoeta horiek egiten zituen bitartean.

Gau hartan Old harrapatzeko itxaropena ia galduta zuen.

Minutuak iragaten ziren, eta ezer ere ez, hartzen ari ziren informazioak ezezkorrak ziren guztiak, inork ez zuen Old ikusi, inork ez zituen haren laguntzaileak lokalizatu.

Baina hori horrela izanik ere, Malahide bijilatzen ari zirenek untzia han zegoela segurtatzen zuten.

Horrek adierazi nahi zuen, bere eritziz, Old eta bere lagunak Derry-n zeudela oraindik.

Ez zegoen atentatu berriren baten notiziarik.

Oldek gauez burutzen zituen bere ekintzak, baina ez hain berandu.

San Colunbano katedralean hamarrak jo zituzten....

Agian, kotxe-bonbaz egingo zuten atentatua, edo granada-jaurtigailuz komisaldegi edo koartelen baten aurka, hori oraindik posible zen....

Edo agian Oldek salaketaren bat hartu zuen alarma ezkutuari buruz, edo hiriaren inguruetako kontroletaz zerbait jakitera heldu zen, eta tranpa bat susmatuz gau hartan ez aktuatzea erabaki zuen.

Baina azken kasu honek gertatzen ari zena explikatuko balu, zergatik ez zen itzultzen Malahidera ihes egiteko?.

Horren arrazoi bakarra hau izan zitekeen: alarma kamuflatuarena jakitea, eta orduan arrazoizkoa izan zitekeen erabaki bakarra hartu zuela: ez atakatu eta hirian bertan, laguntzaileren baten atxean ezkutatu.

Denbora aurrera zihoan gupidagabeki.